Project Description
Shabaqa arabierazko hitza da, sarea esan nahi duena. Hariaren metafora hartuta, Olfa Sendesni eta Amaiur Macias aktoreek hitzaren eta gorputzaren bidez elkar topatzeko eszenatokia ehuntzen dute. Bi artista hauek eszenan elkartzen dira jatorri desberdinetako bi emakume izanik, eta haien arteko topaketa diferentzian bertan oinarritzen da. Bakoitzak bere ama-hizkuntzan jardungo du (arabieraz eta euskaraz), eta gatazka saihestu beharrean, gatazka hori bizi eta arakatzen dute, zintzotasunez eta behar duen zaintzaz.
Piezaren ardatza da elkarrizketa hori, biek elkarrekin sortzeko, beren ahotsa indartzeko eta beren artea eta dantza elkarrekin garatzeko aukera gisa. Espazioa beteko dute beren hizkuntza propioen bidez; keinu hori izango da zintzotasun erradikalaren eta jatorriaren aitortzaren adierazpena. Helburua da lurralde komuna sortzea, bakoitzak bereari uko egin beharrik gabe.
Obra bi dantzen elkargunean amaituko da: bira sufia eta flamenkoa uztartuko dira, gatazka eta edertasunaren arteko mugan argia zabaltzeko.

















