Project Description

Gorka Suaia, Bilbon bizi den Gasteizko abeslari eta ekoizlea, Su Eman ala Hartu diskoarekin bueltan da. Bertan hip-hopa eta reggaea dira nagusi, baina badago tartea ere funky-rap, trap edo rap-rock bezalako estiloetarako. Suaiak disko honetan zibilizazio krisiaz hitz egiten digu, baita elkar-laguntzaz ere, “bizi garen beldurra eta gorrotoaren erreinu honi” aurre egiteko. Amalurra erdigunean, gizarte gaixo honen aurkako kantu etsia da disko hau, lozorrotik esnatzeko oihua.

Kodigo Norte hip-hop taldean ia hamar urteren ostean, 2012an bakarko bideari ekin zion Gorka Suaiak bere amets handiaren atzetik: maite duen euskara ikasi, eta maite duen hizkuntzan abestu. Askapen Sound izeneko proiektuak emandako bultzadaren ondorioz Venezuelako Kanta Bolibartarraren Jaialdian Euskal Herria ordezkatzeko aukera izan zuen adibidez, edota Esne Beltzaren Gora Tourrean taldeko bigarren abeslari moduan batzekoa; EH, Galiza, Paisos Catalans, Estatu espainiarra, Suitza eta Alemaniako eszenatokiak ezagutuz. Beranduago, KimoSoundz DJarekin Piztu! Mixtapearen elkarlana etorri zen, erritmo elektroniko eta dantzagarriagoetara hurbilduz, 2017an zazpi musikarik osatutako Suaia eta Ama Rebel reggae-banda aurkeztu arte. Txapel Reggae, Legoreggae edo Hatortxu Rock jaialdietan jotzeaz gain, hiru binilo argitaratu zituzten, 2020an proiektua gelditzen den arte.

2024an, Suaiak 20 urte beteko ditu eszenatokietan eta errepertorio eta zuzeneko formatu berriarekin ospatuko du, zuzeneko oldarkorra eta helarazi beharreko mezu baten premiarekin.

IRAUPENA

  • 75 minutu

HARTZAILEAK

  • Publiko orokorra

FITXA ARTISTIKOA

  • Ahotsa: Gorka Suaia
  • Gitarra: Ander “Teje”
  • Teklatua eta saxoa: Iñigo “Komadü”
  • Bateria: Xixo Yantani
kontratazioa